Gorka Urbizu

Gorka Urbizu

Gorka Urbizu Ruiz (Lekunberri, 1977) musikari eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista, besteak beste kantugintzan eta letragile gisa egindako bideagatik da ezaguna. 14 urte besterik ez zituela sortu zuen bere lehendabiziko taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eramateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua darama egile nafarrak. Berri Txarrakekin mundu oson barna mila kontzertutik gora emateaz gain, rock musikan sona handia duten hainbat ekoizlerekin lan egindakoa da, batzuk aipatzearren: Steve Albini (Nirvana, PJ Harvey, Pixies...), Ross Robinson (The Cure, At The Drive-In...) edo Bill Stevenson (Black Flag, Rise Against, Lemonheads...). 25 urteko ibilbide oparoaren ondoren, 2019an geldialdi bat egitea erabaki zuen, Marina Lameirok DARDARA dokumentalean jasotako Ikusi Arte Tour biraren bitartez (Filmin plataforman ikusgai). 2024an, hainbat urtetako isilunearen ondoren, kritika zein entzuleak harritu dituen ‘HASIERA BAT’ bakarkako lehen lana kaleratu du. Urtarrileko astelehen buruzuri batean ezustean ateratako disko hau erreakzioz sortua da, bizi dugun gehiegizko erakuskeria eta abiadurarekin kontrajartzeko asmoz. Hala, edertasuna, soiltasuna eta gordintasunaren aldeko apustu honetan abaro musikala aurkitu du batek baino gehiagok. El País-eko kritikari den Fernando Navarroren hitzak dira hauek: “Ez da disko bat, harribitxia baizik”. Proiektu nagusi hauez gain, Urbizuk hainbat egitasmo jarri izan ditu abian, hala nola KATAMALO (poesia eta musika akustikoa uztartuz) edo PEIREMANS+ (power pop doinuetatik gertuagoko taldea). Eklektizismo honen bidez, beti kantuaren alde egin duen artista dela berretsi du Gorkak urratsez urrats. Only In Dreams bere zigilu propioan kaleratu ohi du bere musika guztia.