Dock Of The Bay elkarrizketak
Dock of the Bay 2021 Elkarrizketak, zinearen eta musikaren eremuko hainbat gonbidaturekin solasaldian aritzeko gune bat da. Gune atsegin eta hurbil bat, non, ordu eta erdiz, proposamenak entzuteaz gain zuzenean hitz egin ahal izando dugu haiekin. Bi egun, bi elkarrizketa.
Interesgarria sektoreko (zinea, bideoa, musika) profesionala bazara edo ikaslea bazara. Baita jakin-mina duten zinezale eta musikazale ororentzat ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirola Departamentuaren babesari.
Lo plantak egiten zenituen bitartean kontatu nizuna
Poparen erregina entzuten nuenean, nik ere abeslari izan nahi nuen. Avril Lavigne izan nahi nuen, JLo, edo Beth Familia Santuan. Inoiz izan den reality onena ikusten nuen, Popstars: todo por un sueño ikusten nuen telebistan ematen zuten gau guztietan, inoiz izan den reality onena, eta inoizko mirespen eta deboziorik handiena sentitzen zuen nire gorputzak. Eskolatik bueltatzen nintzenean, bazkalostean, MTV jarri eta arratsalde osoa sofan pasatzen nuen bideoklipak ikusten. Polita zen, eta alferkeria puntu bat ere bazuen hark guztiak. Irudiak eta soinuak joan-etorrian, ni geldirik, marrazten, ahizparekin hitz egiten, ingeleseko workbook-eko lanak egiten, edo etzanda, betazalak ia itxita, ia lo. Helburu zehatzik gabe egotea eta izatea zen, presarik ez, eginbehar bat bete behar izateko sentsaziorik ez, produktibitate konturik ez buruan.
Paula Gónzalez
Hitz egiteko, ikusteko eta gozatzeko espazioak
Zer datorkigu burura 90eko hamarkadako musika garaikidean pentsatzen dugunean? Zer gertatzen zaio gaur egungo pop musikari? Belaunaldi berriak maitasunez, nostalgiaz eta mirespenez hurbiltzen zaizkie poparen iraganeko talde ikonikoei. Nola eta zer eratan ematen diegu berriro esanahia kode horiei? Zer esan nahi du, zehazki, iraganarekiko nostalgia horrek? Norantz garamatza? Zer diskurtsoren pean sortzen da gaur egun pop musika? Galdera horietako batzuek 90eko hamarkadako Donostiako musika eszenan pentsatzera garamatzate, eta saihestezina da La Oreja de Van Gogh taldean pentsatzea. Ikus dezakegunez, eszena hori, talde hori eta Amaia Montero orainetik hartuak izan dira eta esanahi berri bat eman nahi izan zaie, aurreiritzirik gabeko jabekuntza prozesu batean. Eta horrek pentsarazten digu diskurtso berri horiek bultzatuta hiria, musika, feminismoa eta moda ere birpentsatu beharko ditugula, besteak beste.
Lo plantak egiten zenituen bitartean kontatu nizuna espazio egokia da 1990eko eta 2000ko hamarkadetako mainstream ikonoak inspirazio iturri dituzten garaikidetasunaren irudi eta narratibak elkarrekin pentsatu eta horretaz hitz egiteko. Nola eta zergatik goraipatzen dira musika talde jakin batzuk? Zer dago lilura horren atzean? Hizpide izango ditugu musika, hizkuntzaren erabilera, nostalgia, ikonografia, moda eta ikus-entzunezkoak, pop kultura irudikatzeko moduak diren aldetik, eta oraina elkarrekin pentsatuko dugu. Eta hitza eta irudia erabiliz egingo dugu hori, bideoklipak ikusiko ditugu, eta gurekin egon nahi duzuen guztiekin hitz egingo dugu.
Zer nolako eragina izan du mundu digitalak zinema dokumentalaren kritikaren birkonfigurazioan?
Zer nolako eragina izan du mundu digitalak zinema dokumentalaren kritikaren birkonfigurazioan? Kritikaren arloko lau ahots bilduko dituen mahai-inguru baten bitartez, irudien hedapenak hedabide tradizionalen eta aldizkari espezializatuen mugak gainditu eta podcast, sare sozial eta plataforma digitaletan berrasmatu diren hainbat modalitate aztertuko ditugu. Era berean, aldaketa horiek ekarri dituzten inplikazioak aztertuko ditugu, bai publikoari dagokionez, bai komunitateak eratzeari dagokionez, betiere genero-ikuspegiari bereziki erreparatuta.