Verde Pratok 2021ean argitaratu zuen Kondaira eder hura lehen diskoa, Jon Aguirrezabalagak (We Are Standard) grabatu eta ekoiztu eta Plan B rec-ek editatu zuena. Disko horretan, herria atzean utzi eta hirira joaten den mutil batez hitz egiten du. Hizkera soilez, baina hitzetan indarra jarrita, abestien hitzek mutila alde egiten ikusten duten pertsonaia bakoitzaren ikuspuntua islatzen dute. Maitasunaz, familiaz eta adiskidetasunaz, beldurrez, hutsuneez eta desioaz hitz egiten duen herri-istorioa. Euskal tradizioa berreskuratu eta leku susmagaitzetara –eta, beraz, leku harrigarri eta zirraragarrietara– eramaten ari diren artista gazteen belaunaldi baten erakusle da Verde Prato, eta balioa ematen dio kultura askotan herri-kantutegian ahotsak duen presentziari, eta horrek berebiziko garrantzia hartzen du haren konposizioetan. Ahotsa existitzen den transmisio-tresna zuzenena baita, eta haren soinua afekzioz eta mugimenduz kargatuta dago, arnasez eta dardaraz, sentikortasunez eta, aldi berean, edertasun bereziz. Eta ekintza horren indarra denboraz kanpokoa da.