2019ko Dock Of The Bay Mintegia

Z Aretoa, Tabakalera
Osteguna 2019ko urtarrilak 10
16:30 — 20:00 h.

Musika, irudia, kontakizuna

“Neure buruari galdetzen nion ez ote zen musika izango hizkuntza, hitzen eraketa eta ideien azterketa asmatu izan ez balira arimen komunikazioa izan zitekeenaren adibide bakarra. Musika gauzatu gabeko aukera baten antzekoa da”
(Marcel Proust, Emakume gatibua)

1. Segundo orratz bat / Binilo orratz bat

A aldeko hirugarren abestia Yesterday zen.

Aldirietako merkatu txiki batean aurkitu nuen bilduma, 2015eko berrargitalpenak atera baino askoz lehenago, ahalegin titanikoa zenean laurogei euro baino gutxiagoren truke aurkitzea Beatles taldearen binilo bat egoera onean zegoena. Disko osoa zegoen primeran, A aldeko hirugarren abesti hura izan ezik. Hori da bigarren eskuko diskoek duten ikur imitaezina: haiek berriz entzutean, aurreko jabe anonimoekin igaro zuten denbora ere entzuten duzu, nolabait. Yesterday, azken batean.

Objektu bitxia, disko tradizionala: erabiliz suntsitu egiten dugu, higatu. Ez da harritzekoa ordulariak bezain biribila izatea, eta, bide batez esanda, baita haiek bezain zorrotza ere. Zerbaitek huts egiten du, gu gure disko bilduma baino arinago zahartzen bagara.

Audiofiloek diote biniloaren soinura itzulita berreskuratzen duguna ez dela halako kalitate imitaezin bat edo nolabaiteko soinu aberastasuna. Gure iragana fenomenologikoki hautemateko modu oso zehatza berreskuratzen dugu, soinua esperimentatzeko modu jakin bat, beste inongo tresnatan erreproduzitu ezin dena. Hau da: gure iragana berrirakurtzeko erabiltzen dugu musika. Ricoeurrek ere esan zuen: testu bat irakurtzen dugunean, egiaz geure burua irakurtzen ari gara.

2. Irudi bat / Kontakizun bat

Agian inozoa dirudi musika dokumentaletan berriz kontakizuna aldarrikatzea, noiz eta une honetan, non dena zatikatuta, likido eta desegituratuta saltzen den. Kontakizuna esatean, ez dugu esan nahi generoak, begiradak, kamerarentzako lekuak eta istorio jakin bat (talde batena, abesti batena edo kontzertu batena) muntatzeko moduak era klasikoan inposatzea, baizik eta ikuslearen esperientzia transmisio intimo, konfiantzazko eta ongi zuzendu gisa antolatzea.

Musika dokumentaletan tokia dute pasioak edo ikaskuntzak, dena keinuan jokatzen baita: ziria hartzeko moduan, nota jakin bat bota aurretik airea hartzeko moduan edo foku azpian kokatzeko moduan. Busto hiztunak desagerrarazi, eta musikaren botere egiazkoa bueltan irudiari emango dion edozer gauza: Deleuze eta Guattariren ritorneloak, Jimi Hendrixen bakarkakoak, Wigango lokal batean Northern dantzatzeko talko hautsak. Keinua berreskuratzea, gure iragana berreskuratzeko: indibiduala, kolektiboa, asmatua, saldua, berpiztua.

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik, “Musika, irudia, kontakizuna” izeneko Dock of the bai mintegiak honako hauek aztertuko ditu: kontakizunaren egokitasuna musika dokumentaletan; dokumental horiek literaturarekin, antzerkiarekin edo arte ederrekin dituzten loturak; haien egiturak; haien anomaliak eta transmisioak. Azken batean, zinemaren bidez kontatu nahi dugu musika.

Aarón Rodríguez Serrano
Dock of the Bay mintegiaren koordinatzailea

16:30 h.

17:00 h.

18:00 h.

18:30 h.

19:00 h.